Mozorroa kenduko diogu bullyingari. Partekatu!
Share on FacebookGoogle+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInEmail to someone

Zer da Bizikasi?

Bizikasi, jazarpen egoerei aurrea hartzeko sortu da, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaintzeko. Baina baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleekin ere.

Gogorarazi beharrekoa da eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen dela. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina jazarpena egiten duenak ere agerian uzten du orientazio beharra duela jarrera jazarlea utz dezan.

Eskola jazarpena fenomeno sozial konplexu eta paradoxikoa da. Menderatze-menpekotasun eskeman eta Isiltasunaren kodean oinarritua, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak.

Horrez gain, barne kode eta dinamika batez hornitua dago, ezkutuan gertatzen da, detektatzen zaila da, eta min handia eragiten die inplikatutako pertsona guztiei, eta baita hezkuntza sistemari berari ere.

Jazarpenari era koordinatuan aurre egin ahal izateko, Bizkasik garapen mailakatua izango duen proiektua planteatzen du. Hau da, era antolatuan, doituan eta ikasle guztientzako neurriz osaturiko hezkuntza-paradigmatik abiatuta, eskola-jazarpenari aurre egingo dio, eta elkarbizitza positiboa sustatuko. Horretarako ezinbestekoa da prebentzio neurriak hartzea, hau da, Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatu, gaitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, ikastetxeetan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.

 

Bizikasi proiektuari buruzko informazio gehiago

Bizikasi programarekin lortu nahi duguna

Sare publikoko irakasle guztiek berariazko prestakuntza hori jasoa izatea 2018-2019 ikasturtea amaitu baino lehen.
Ikastetxea biolentziarik gabeko gune bihurtzea.
Ikastetxea garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea.
Eskola komunitatearen lanarekin, elkarbizitzarako eta Bullying-arekiko tolerantziarik gabeko gune bihurtzea

BAT, Bullying-aren Aurkako Taldea

Eskola jazarpenaren aurkako inplikazioaren garrantzia gizarteari helarazi beharraz jabeturik, Bizikasi komunikazio kanpaina eta guzti dator.

“Mozorroa kenduko diogu bullying-ari” lelopean, eskola jazarpenak jolasaren, txantxaren edo une bateko tira-biraren mozorroa hartzea saihesteaz kontzientzia zabaldu nahi da gizartean, ekimen honen bidez.

Lehentasunezkoa da eskola jazarpena pairatzen duenari laguntza ematea, baina era berean, garrantzitsua da jokamolde jazarlea duen ikasleari ere laguntzea, mozorro hori erantzi dezan, eta sortu duen minaz jabetu dadin. Eta zeregin horretan, guztion inplikazioa behar da.
Kanpaina honek gonbidapena luzatzen dio gizarte guztiari,

BAT – Bullyin-aren Aurkako Taldearekin bat egiteko, hasi ikasle eta irakasleekin, segi familiekin eta lagunekin, eta gizarte guztiarenganaino. Datorren abenduaren 11tik aurrera kanpaina hau telebistan, irratietan, prentsan eta sare sozialetan egongo da.

Iragarkia Elorrioko ikastetxe publikoko eta institutuko ikasle, irakasle, zuzendari eta familien laguntzari esker grabatu ahal izan da